Itzuli gara, euskaraz egiteko prest
Udako oporraldiaren ondoren, Txorierriko berbalagunok indarrak berritu ditugu eta gogotsu ekingo diogu datorren ikasturteari. Ziurgabetasun handiko garaia da, baina berbalagunok jarraitu nahi dugu irteerak, kafea, paseoak eta hainbat esperientzia euskaraz partekatzen. Izena emateko epea zabalik dago jadanik; zu besterik ez zara falta.
Aurreko ikasturteetan moduan, Txorierriko herri guztietan berbalagun-taldeak osatzen ahaleginduko gara, eta COVID-19ak sortutako pandemiari aurre egiteko osasun- eta segurtasun-neurriei eutsiko diegu, jakina.
ZER DA BERBALAGUNA?
Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da.
ZERTARAKO?
Euskara hobetzeko, praktikatzeko, euskaraz bizitzeko, gure hizkuntza ezagutzeko, ingurune euskalduna sortu, indartu eta zabaltzeko, euskaraz berba egiteko, beldurra galtzeko…
ZELAN?
Astean behin, ordubetez, paseoan, kafetegian, parkean..
Ekintza osagarriak: Txorierriko gainontzeko berbalagun taldeekin irteerak, afariak,ikastaroak…
….ETA GURASOLAGUNA?
Euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak eta zailtasunak dituzten gurasoak mintzapraktika egiteko elkartzen dituen programa da.
Astean ordubetez 5 edo 6 laguneko taldean elkartzen dira eskola ondoren.
Esanak esan, euskara-maila hobetu nahi baduzu edota euskaraz bizi nahi baduzu, ez galdu aukera: Txorierriko berbalagunak eta gurasolagunak zain dituzu, berriz ere euskaraz aritzeko prest.